Iara Solano Arana

“Bere belaunaldiko sortzaile eszeniko original eta ausartenetako bat”

Diario Vasco

Jardun Eszenikoa eta Harreman Artea

iara Solano Arana (Gasteiz, 1985) sortzaile eszenikoa eta ikertzailea da. Rose Bruford College Unibertsitatean (Erresuma Batua) lizentziatu zen Europar Arte Eszenikoetan, eta gero, Madrilgo Reina Sofía Museoaren eskutik Praktika Eszenikoen eta Kultura Bisualen Masterra egin zuen. Harreman-arteari loturiko diziplinarteko gailuak dira bere lanaren ardatza; gailu horietan, publikoa da pieza eszenikoaren, instalazioaren edo ikus-entzunezko lanaren muina edo piztailea.

2006az geroztik zuzeneko artea eta antzerki esperimentala uztartzen dituen Sleepwalk Collective nazioarteko konpainiako zuzendarikidea da Sammy Metcalfe-rekin batera. Konpainiaren xedea antzokietarako eta espazio alternatiboetarako esperientzia eszenikoak sortzea da, eta gaur arte sortutako lanekin 4 kontinentetan zehar egin dituzte birak, baita nazioarteko sari eta izendapen ugari jaso ere berritze eszenikoari egindako ekarpenari esker.

Egun, artista independente gisa dihardu espazio publikoetan esperientzia pribatuak sortuz, eta antzerkian, dantzan, zineman zein instalazioen arloan ezarrita dauden konbentzio formalak iraultzea du helburu. Bere piezetan, gorputza eta pertzepzioa gai nagusi izan ohi dira, eta askotariko formatuak darabiltza, vis-a-visa eta murgiltze-formatua dituen arren baliatuenak. Hona hemen bere lanik aipagarrienetako batzuk: Pandora Invite (2013), Gasteizko Oihaneder Kulturgunerako sortutako instalazio interaktiboen bilduma; [NOT] BEING HERE (2014) film eszenikoa; bere haurtzaroko eskolan oholtzaratu zen Where Are Your Friends Tonight (2015) site-specifica, eta PARTY (2016), dantza ardatz duen murgiltze-pieza, zeinetan mugimendua ikusleak berak gorpuzten duen.

2020an zenbait ikerkuntza-bide jorratzeari ekin zion. Horietan, dramaturgien garapena aztertzen du igarotze-errituak oinarritzat eta irisgarritasuna sortze-tresnatzat hartuta. Hastapen-ekitaldien sorta bat sortu zuen lehenik: alde batetik, Bautismo (2021), nazioarteko gira egitea lortu zuen antzokietarako eta espazio alternatiboetarako sortutako bakarkako murgiltze-pieza, eta bestetik, Usted Está Aquí: བར་དོ་ (2024), Bartzelonako Centre Santa Mónica-rako eratutako murgiltze-instalazio hirukoitza. Ildo berean eta 2022az geroztik, Objeto Permanencia izeneko lana garatzen ari da, kulturari eta pertzepzioari buruzko diziplinarteko ikerketa teoriko-praktikoa. Horretan, zentzumenen antropologian eta dantza esperientzial irisgarriaren nozioetan sakontzen dabil, eta publiko itsuarentzat lan koreografikoak berridaztea, egokitzea eta sortzea helburu duten proiektuak eratzen dihardu; hala nola, Hacia una Danza Invisible bilduma eta Actos Reflejos hitzaldi performatiboa.

iaraSolanoArana

Kudeaketa-lanei dagokienez, Gasteizen arte eszeniko garaikideak sortu eta garatzea sustatzeko eratutako Factoría de Fuegos konpainiaren (2009-2022) fundatzaileetako bat izan zen, eta Hizkuntza Eszeniko Berrien inTACTO jaialdia ere zuzendu zuen izan zituen 8 edizioetan (2011-2018). 2018an, Madrilgo Condeduque Zentroko artista elkartu izendatu zuten Sleepwalk Collective konpainiarekin batera. Condeduquen, Aves Migratorias de Madrid (2028-2029) eta Cuerpo de Guardia (2019-2020) izeneko sorkuntza eszenikorako formakuntza-laborategiak zuzendu zituen bi urtez, eta No Sleep Till Brexit – We’re Still Here (2020) zikloaren komisario izan zen. Espainiako Gobernuak antolatutako Injuve Jardunaldi Eszenikoetan koordinatzaile-lanak egin ditu bi urtez (2020 eta 2021), La Abadía antzokian artista elkartua izan da (2020-2022), bai eta Alcalá de Henares-eko Komedia Antzokien komisario artistikoa ere (2021-2022).

Egun, antropologia ikasketak egiten ari da, eta bere jardun artistikoa bitartekaritzarekin uztartzen du, bai eta bestelako formakuntza- eta aholkularitza-jarduerekin ere. Aholkularitzari dagokionez, beste artista eta ikerlari batzuei beren prozesuetan lagun egiten die, eta topaketak, tailerrak eta hitzaldiak ematen ditu honako gai honi buruz: etika eta irisgarritasuna, jardun artistiko kolaboratiboetan. 2019an Gasteizko Udaleko sorkuntza eta gazteria arloak ematen duten Jardunbide Egokien Saria jaso zuen, eta 2023an S’Empatia Carlo Solinas nazioarteko saria jaso zuen, begirada komunitario handiko ibilbide artistikoa burutu izanagatik.

Ikerkuntza | Formakuntza | Aholkularitza | Bitartekaritza