Hona hemen erabat zentzuzkoa den galdera bat: zergatik sortu genuen trilogia bat Kardashian ahizpen izenpean?
Erantzunik zuzen eta laburrena honakoa litzateke: jaso genituen enkargu batzuei erantzuteko.
2015ean hasi zen dena. Urte hartan, Cidade de Palmas izeneko balletarekin (Tocantins, Brasil) pieza bat egitera gonbidatu gintuzten, eta Kim kardashian deitzea erabaki genuen. 2016an, lan hura estreinatu ondoren, txantxa artean esan genuen sekuelarik egonez gero Kim Gordon edo Khloé Kardashian izendatuko genuela. Hala, handik urtebetera, 2017ko udan, Arden-eko (Manchester) Antzerki eta Performace ikasleekin pieza bat sortzera gonbidatu gintuzten… eta bigarren aukeraren alde egin genuen. Haren ondoren, ordurako hain urrutira iritsita, pentsatu genuen noizbait Kourtney bat egingo bagenu -ballet baten eta antzezlan konbentzional baten (Khloé Chejov-en Hiru Ahizpak obraren bertsio bat da) ostean- trilogia hura ixteko modu posible bakarra opera bat sortzea zela eta… tira… handik oso gutxira, ezustekoan, Alcalá de Henares-eko Klasikoen Jaialdian zerbait egiteko gonbita luzatu ziguten. Eta holaxe izan zen. Batzuetan horrela gertatzen dira gauzak.
Hasierako galderaren beste erantzun hau ere baliozkoa litzateke, ordea: hiru Kardashian ahizpak XXI. mendeko obsesio eta antsietateek sortutako eldarnioaren sinekdoke ezin argiagoa direlako, baita errealitatearen eta fikzioaren arteko zein publikoaren eta pribatuen arteko lausogunearen erakusleak ere. Formaltasun behartua eta hutsalkeria etxetiarra erakusten dituen kanpo-itxura, emozio-olatu ikaragarrizko batek zipriztindua; bata bestetik bereizezinak izan arte pilatutako album pertsonalak; gorputz erreal eta biziak norberaren borondatez -eta zehaztasun handiz, erruki barik- irudi puru bihurtutako gorputzekin dantzan, zeinak ia hieroglifiko bihurtu arte manipulatu diren, oraindik ondo menperatzen ez dugun alfabeto bateko karaktere berrien antzera.
Finean, Kardashian Trilogy hiru zatitan idatzitako amets edo amesgaizto moduko bat da, edertasunari, historiari, gehiegikeriei, diruari, arteari, asperdurari eta zoriontasunari buruzkoa. Bertan, emakume bat diru-paperez beteriko eszenatoki baten gainean hegan ari diren marrazo arrosen saldo batera nola daramaten ikusiko dugu; eta tiroz josi duten hartzez jantzitako gizon bat gezurretako elur-ohe batean gainean etzanda aurkituko dugu, hilik, eta soinean larrialdietarako burusi bat daramaten bi emakume lanbro pean urrea jaten egongo dira. Ziztu bizian -eta ia hutsegitez- sortutako hiru ikuskizun, gero aldi bakan batzuetan soilik oholtzaratu zirenak.
Badago zurrunbilo hartatik biziraun duen liburu bat (ingelesez soilik), ordea; hemen duzu eskuragarri.