Nire jardunaren barruan esanahi handia duen beste alor bat transmisioarena da. Nire formakuntza-prozesuan mentore eta artista bikain eta eskuzabal ugariren alboan hazteko aukera izan nuen, hala nola Peader Kirk eta Sammy Metcalfe-ren alboan, eta horrenbestez, ikasitako jardunak zein neuk sortutakoak gainerakoekin partekatzeko konpromisoa sentitzen dut, eta, gainera, ikasten jarraitzeko modu zinez irrikagarria begitantzen zait. Neure eskarmentu eta interesetatik abiatuta, nozio, jardun eta teknika jakinetan sakontzeko tailer eta topaketak antolatzen ditut, besteak beste, murgilgarritasuna, mugakotasuna, aniztasuna eta irisgarritasuna jorratzeko.
Monografikoa. Beste formatu eszeniko batzuetara sarrera.
Tailer honetan, laugarren horma desagerrarazi eta ikusleak piezaren barruan murgilduko dituzten formatu eszenikoak aztertzen dira. Horrela, ikuslea parte hartzaile, konplize eta, kasu askotan, protagonista bihurtuko da. Monografikoan zehar, formatu horiek berezko dituzten logika, egitura eta etikak ezagutu eta praktikan jartzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Bestearekin eta bestearentzat lan egiten ikasiko dugu murgiltze-gailuak eta vis-a-visa aztertuz, eta espazioaren, publikoaren eta antzezlearen arteko harremanak berrasmatuko dituzten instalazio biziak sortuz. Informazio gehiago lortzeko, eskatu txostena.
Atalasea ehuten
Ikerkuntza-sorkuntzarako tailer-laborategia. Diziplinarteko espazio honetan ekoizpen artistikoa pertzepzio-modu desberdinetatik aztertzeko gonbita egiten zaie parte-hartzaileei, betiere geure gorputzek eskaintzen diguten materia hautemangarria abiapuntu hartuta. Zenbait nozio antropologiko eta jardun eszeniko oinarri izanik, banaka zein taldeka lan egingo dugu mugako dramaturgiak sortzeko, eta tresnak proban eta harreman-estrategiak proban jartzeko.
Prozesu guztian zehar, irisgarritasuna presente izango dugu, eta ikusiko dugu nola, aniztasunean arreta jarrita, sortzeko aukeren dimentsio berriak irekiko zaizkigun aurrean. Tailer-laborategi hau bitartekaritzan, irisgarritasunean, parte-hartzean eta jardun esperimentalean jakin-mina duten artistei zuzenduta dago, alegia, ikuspegi berriak eta prozesu artistiko-sozialak garatzeko grina duten horiei bideratuta. Informazio gehiago lortzeko, eskatu txostena.
Etika eta konpromisoa harreman-artean
Gida bat sortu dut komunitateekin, ikuslegoekin eta ingurunearekin batera jardunbide parte-hartzaileak eta elkarlanekoak garatzen direnean jardun horiek bidezkoagoak eta hobeak izan daitezen zelan jokatu zehazteko, eta topaketak honek, hain zuzen ere, gida hori osatzen duten printzipioak ditu ardatz. Nola abiatu bitartekaritza-proiektu prestuagoak? Nola planteatu komunitate batekin garatuko den elkarlan bat instrumentalizazioan erori gabe? Nola garatu aldaketa soziala bultzatuko duten proiektuak haien kalitate artistikoa arriskuan jarri gabe? Solaslekua ezaugarri hauek betetzen dituzten pertsonei zuzenduta dago: arlo artistikoan garatzeko nahia duten, baina, batez ere, jardun artistiko arduratsuagoen bidez aldaketa soziala bultzatu nahi duten horiei. Informazio gehiago lortzeko, eskatu txostena.
Out-Of-The-Box - Translazio Biosoziokulturalak
Hausnarketa eta praktika ardatz dituen tailer honetan, gure proiektuek zer irisgarritasun, ardura eta konpromiso maila eta eredu dituzten aztertuko dugu. Gure hurbileko testuingurua osatzen duten dimentsio artistiko-kulturalaren, ingurune-dimentsioaren eta dimentsio sozialaren arteko lekualdaketa batzuk egingo ditugu, eta gure jardun eta programak aniztasun handiagoko marko batean kokatzeko zein estrategia zehatz garatu ditzakegun deskubrituko dugu. Tailer hau beren proiektuetarako aukera berriak irudikatu nahi dituzten kudeatzaile, artista eta bitartekariei zuzenduta dago; hau da, begirada erneagoz aberastutako proiektuak eta elkar-aitortza pertzeptiboagoa eta berdinzaleagoa garatzeko nahia duten horiei bideratuta. Informazio gehiago lortzeko, eskatu txostena.