Arte biziak leku pribilegiatu bat dira, imajinatzeko, esperimentatzeko eta pentsamenduarekin egiteko aukera ematen diguten heinean, pentsamendua gorputzetatik ukigarriki jariatzen den zertzat ulertzen bada.

Testuinguru horretan, arte biziek beren ingurunera bertaratutako pertsonak inplikatzeko ahalmena dute, ekintza gertatzen ari den unean bertan, eta horrek errealitateak agerrarazteko eta partekatzeko aukera dakar berekin, askotariko esperientzia subjektiboetatik abiatuta. Hala, Objeto Permanencia deritzon proiektu honek helburu argi bat du: jardun performatiboaren bitartez, kulturari, pentsamenduari eta lurraldeari loturiko nozioak aztertuko dituen ikerketa teoriko-praktikoa burutzea. Horretarako, sentsazioaren eta esanahiaren, seinaleen eta sentimenduen, gorputzaren eta pentsamenduaren, pertzepzioaren eta irudimenaren arteko zirrikituetan barneratzea da xedea, eta konkretuki, begirada ezeztatzeak gorputzetan sortzen duen eragina aztertzea. Edonola ere, oraingoa ez da gai hau aztertu dudan lehen aldia, lehenago ere azaldu izan da nire jardun artistikoan, hala nola PARTY (2016) murgiltze- eta dantza-piezan eta 2022tik lantzen ari naizen epe luzerako azterlan batean, non ardatz nagusia den.

Objektuaren permanentzia kontzeptuak (Object Permanence) honako gertaera honi egiten dio erreferentzia: haurtxoak bere garapen-prozesuaren une batean ikasiko du objektu batek bere bistatik at egoteagatik ez diola existitzeari uzten. Eta horixe da prozesua martxan jarri zuen eta hari izena eman zion nozioa; izan ere, proiektuaren iturburuan nire osaba Diegorekin egindako elkarlan artistiko eta afektiboa dag, hari tiraka hasi baitzen ikerketa. Diego musikari gor-itsua da, Retinosis Pigmentaria izeneko gaitza daukana. Begietako gaixotasun hereditario eta sendaezin horrek gaixoaren ikuseremua pixkanaka-pixkanaka murriztea dakar, itsutu arte. Bere egoerak badu, ordea, berezitasun handi bat; ikuseremua txikituz joan ahala, beste pertzepzio-modu batzuk garatu ditu, esaterako, sinestesia. Elkarrekin egindako prozesu hartan, mapa psikofisiko eta pertzepziozko berriak zeharkatu eta irudikatu genituen, eta horrek, nire jarduna errotik aldatzeaz gain, esanahi berriak eman zizkion munduarekin dugun harreman fisikoa ulertzeko neukan moduari. Hala, elkarlan haren ondorioz, gure pertzepzio-iragazkiak aldatzeko modu berriak aztertu ditut, gure gorputza munduarekin, bere buruarekin eta “bestearekin” harremantzeko era berriak eratzeko, eta hortik abiatuta, esperientzia artistiko hautemangarri inklusiboagoak sortzen lagunduko duten estrategiak eta tresnak sortzeko.

“Niri, ikusteari uzteak begiak ireki dizkit”

Diego Solano

““Ikusizko perspektiba soilik hartzen badugu kontuan, eta ikusi ezin den guztia desagerrarazi, ezagutzeko eta gogoratzeko beste modu batzuk baztertzen ariko gara, bai eta jagoteko moduak ere. `{`…`}` Mendebaldeko kultura okulozentristaren baitan auzi hau jorratu duten performance-ikerketek proposatzen dute jardun eszenikoa ez dela desagertzen den zerbait, baizik eta desagertzeko ``ekintza`` bera, eta berragertzeko eta ``bir-parte hartzeko`` modu bat”.”

Bárbara Hang eta Agustina Muñoz, El tiempo es lo único que tenemos lanean.

Objeto Permanencia iara Solano Aranaren proiektu bat da.

Diego Solanorekin elkarlanean egina.

Orain arte, ikerketak Sardiniako S’ala Espazio per Artist* de Sassari espazioaren, Bilbaoeszena Egonaldiak proiektuaren, Vital Fundazioaren, Bilboko Kampai Espazioaren eta Valladolideko Calderón antzokiaren babesa jaso du.

Laguntzaileak: Once Fundazioa eta Retina Euskadi Begisare.

OBJETO-PERMANENCIA