PARTY dantzan murgiltzeko pieza da, 10 ikuslerentzat sortua. Gure oroimen kolektiboko eta oroimen herrikoiko elementuei erreferentzia eginez, obrak jai gau baten simulazio utopikoa sortzen du, eta zentzumenak hackeatzeko eta errealitatearen eta antzezpenaren arteko mugak lausotzeko detonagailua da.
PARTY dantza-piezan, protagonista eta subjektu bakarra publikoa bera da; izan ere, publikoko partaideek jarraibide sinpleak jasotzen dituzte haririk gabeko entzungailu batzuen bidez, eta hala doa sortuz obraren egitura erdi-narratibo finkoa. Pentsamenduaren esperientzia zinetiko bat sortzen da horrela. PARTY biren arteko leku horretan gertatzen da, artistaren eta ikuslearen artean, dagoeneko gogoratzen ez genituen oroitzapenek eta gordeta geneuzkala ez genekien irudiek pisua hartzen duten “bitarteko” zer batean, eta emaitza bizirik dagoen organismo publiko eta pribatu bat da, etengabeko jaiotzen segida bat. PARTY denboran zehar egiten den bidaia bat da, festa bat, izan garen gorputz guztiak ospatzeko gonbidapen bat.
Pieza hau 2016an sortu zen Sammy Metcalfe-rekin eta Daniela Perez koreografo brasildarrarekin elkarlanean, eta Espainiako antzoki eta jaialdi nagusien programetan egon zen. Gero, Erresuma Batuan, Brasilen eta Mexikon zehar gira egiteko aukera ere izan genuen.
“Hona hemen gizon edo emakume orok egin beharreko beroketa-ariketa.”
“Gogoeta-ariketa bat: oda bat zure bizitzari, egin duzunari eta egin ez duzunari, zure oroitzapenei, zure haurtzaroari, lehen maiteari, zaren horri... Murgiltze-ikuskizun honetan, errealitateak errealitatea bera gainditzen du”
“Errealitatearen eta antzezpenaren arteko mugak deuseztatzea eta talde-bulkadaz erabat kontziente izatea lortzen du, baina baita bulkada indibidualaz ere, kontzertu on batean bezala”
“Geurea da ekintza hemen. Denok gara egileak”
PARTY iara Solano Aranak Daniela Perez (Beaches) koreografoarekin elkarlanean sortutako pieza bat da.
TESTUA ETA DRAMATURGIA: iara Solano Arana
GAZTELANIAZKO ETA INGELESEZKO AHOTSA: iara Solano Arana
PORTUGESEZKO AHOTSA: Daniela Perez
SOINU-DISEINUA ETA JATORRIZKO MUSIKA: Sammy Metcalfe
JATORRIZKO IDEA, TESTUA ETA AHOTSA: iara Solano Arana
JATORRIZKO MUSIKA ETA AHOLKULARITZA: Sammy Metcalfe
BIRAN BABESLE IZAN DUGU: Etxepare Institutua
ZER HIZKUNTZATAN DAGOEN ESKURAGARRI: gaztelania, ingelesa eta portugesa
ARGAZKIAK: Arturo Laso/Casa Encendida eta Blan&Lau
PARTY Palmas-en (Brasil) garatu zen Daniela Pérez-en Dancing Through Your Body lanak jasotako Funcult Arnauld Rodrigues Sariaren babespean, eta 2016an estreinatu zen Matadero Madrid-en, Frinje Madrid jaialdiaren barruan.
Gerora esploratzen jarraitu dudan estrategia bat ia estreinakoz jarri nuen praktikan PARTY lanean; alegia, iluntasuna erabiltzen hasi nintzen pertzepzioa eta irudimena leherrarazteko tresna gisa. Piezaren zati handi batean, publikoak begiak estalita dauzka, eta iluntasun hori erabiltzen dut, publikoak elkar-(bir)irudikatzen duen toki horretatik abiatuta, talde-irudimenaren fenomenologia aztertzeko. Izan ere, André Lepecki-k Exhausting Dance liburuan dioenez: “dantzak eta koreografiak ez diotenean ikusmenari ezer ematen, orduan hasten dira gauzak azaleratzen”. Ordutik, askatasun-promestzat baliatu dut iluntasuna, gaur egungo hiperikusgarritasunaren aurkako erresistentzia eta matxinada gisa, bai eta identitatea esleitzen diguten eta subjektu bezala definitzen gaituzten konbentzio sozio-kulturalak deuseztatzeko tresna gisa ere.
Bestalde, ikerkuntza-prozesuan zehar, mugimendu birtualean oinarritutako jardunbide batzuk ere garatu nituen, baita dantza hausnarketa somatiko gisa ikusteko moduak eta pentsamendua koreografiatzeko bideak aztertu ere. Mugimendu bakoitzean, gutxienez, bi indar kontuan hartuz -bata birtuala eta bestea materiala- bi mugimenduak gorputzekotzat eta fisikotzat hartzen ditut, biek gorputz osoan pentsatzen eta sentitzen baitute mugimendua. Orokorrean, dantzari loturiko jardunbideek, azterketek, teoriek eta ikerkuntzek mugimendu fisiko-materiala hartzen dute ardatz, eta alde batera uzten dituzte mugimendu birtuala aintzat hartzeak eskaintzen dituen aukerak, nahiz eta hori ere fisikoa izan. PARTY-k mugimendu birtual horren inguruan bir-prentsatzen eta bir-kontsiderazioak egiten laguntzen du, mugimendu birtual hori errealtzat onartzeko bidean. Gainera, ikuslea da piezaren gauzatzailea eta protagonista, bai fisikoki bai birtualki.